XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Azkenekoa, Le jugement moral chez l'enfant (Judizio morala haurrarengan), frantsesez atera zen urte berean, 1932an, itzuli zuten ingelesera. Beste hiruren ingeles itzulpena 1930a baino lehenagokoa edo urte horretakoa da.

Liburu hauek jendearen oniritzia jaso zuten, ustekabeko oniritzia, autoreak bere Autobiografian (Piaget, 1952) aitortzen duenez. Arrakastaren ondorioetako bat izan zen munduko herrialde askotatik gonbidatu zutela bere ideiak aurkeztu eta eztabaidatzera. Horien artean, honako hauek aipatzen ditu Piagetek berak: Frantzia, Belgika, Herbehereak, Ingalaterra, Eskozia, Ameriketako Estatu Batuak, Espainia, Polonia, etab. Mila bederatziehun eta hogeita zortzian, adibidez, hitzaldi bat eman zuen Frantziako Filosofi Elkartearen egoitzan. Les trois systèmes de la pensée de l'enfant (Haurraren pentsamoldearen hiru sistemak) izan zen hitzaldiaren izenburua.

Aurkezlea Henry Delacroix izan zen, urte batzuk lehenago Piageten irakasle izana Sorbonan; Delacroix psikologoak ezin argiago agertu zuen bere kidearen aurreneko lanei buruz zuen iritzia: Piaget jaunak badu berezitasun bat oso bakana dena eta psikologoen artean lehen mailara jasotzen duena. Berezitasun hori da filosofoa ere badela. Badaki problemak jartzen; baita lortzen dituen askabide edo soluzioen balioa neurtzen ere. Gaurko filosofiaz eta bereziki gaurko epistemologiaz dakiena jakiteak ematen dio biderik haurraren adimena giza gogoaren bilakaera edo eboluzio orokorraren argitan interpretatzeko (ik. Ducret, 1990, 11. or.).

Liburu honek argia ikusi zuenean, Piaget ez zela edozein frogatzen duten beste bi gertakari ere aipatu nahi ditut. Lehenbizikoa 1929 urtekoa da; urte horretan, Bureau International de L'Education delakoaren zuzendari izendatu zuten. Erakunde hau gobernu artekoa zen, eta batez ere horregatik hartu zuen bere gain erantzukizun hori, ikerketari denbora asko kenduko ziola jakin arren. Erakunde barneko gobernuak pedagogi metodoak hobetzera bultzatzeko abagune onegia omen zen hartaz ez baliatzeko. Bigarren gertakaria Piagetek hartu zuen lehenbiziko honoris causa doktoretzari dagokio: ohore hori Harvardeko Unibertsitateak egin zion 1936an.

Honaino Piageti buruz aurreratu nahi nuena. Liburuaz, bizpahiru gauza aipatu besterik ez dut egingo oraingoz.